Aholku Batzorde Juridikoa

Aholku Batzorde Juridikoa

Euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Eskumena

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsultatu behar zaizkion gaiak honako hauek dira:

a) Lege-aurreproiektuak, horien edukia eta helburua direnak direla ere. Badira batzuk, hala ere, ogasuneko eskumena duen saileko titularrak eskatuz gero baino ez dutenak beharko batzordearen txostena; alegia:

- Baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko metodologia ezartzen dutenak.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartzeari, kreditu gehigarriak emateari, konpromiso-kredituen baldintzak aldatzeari eta Aurrekontuak likidatzeari buruzkoak.

b) Legegintzako dekretuei buruzko proiektuak.

c) Legebiltzarreko legeak garatuz edo betez Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

d) Estatuko legeak garatzeko Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak erabiliz Eusko Jaurlaritzak ematen dituen xedapenei buruzko proiektuak.

e) Europar Batasuneko araudiak edo zuzentarauak garatzeko edo aplikatzekoak diren Eusko Jaurlaritzaren xedapenei buruzko proiektuak.

f) Tokiko autonomiaren defentsan erakunde interesatuek aurkeztutako gatazkak, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera.

g) Administrazioaren egintzen eta xedapenen ofiziozko berrikuspena, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

h) Berrikusteko errekurtso administratibo bereziak.

i) Administrazioaren kontratuen deuseztasuna, interpretazioa eta suntsiarazpena, herri-administrazioen kontratuei eta tokiko erregimenari buruzko legeek xedatutakoaren arabera.

j) Administrazioaren emakiden -horien edukia eta helburua direnak direla ere- deuseztasuna, interpretazioa, aldaketa eta iraungipena, aplikazio-arauek horrela eskatzen dutenean.

k) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren jarduera-eremuan dauden administrazioen ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak, erreklamatutako zenbatekoa 18.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean.

l) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren osaera, antolaketa, eskumena eta funtzionamenduari buruzko gaiak.

m) Udal-mugarteak aldatzea, lurralde historiko bati baino gehiagori eragiten dionean.

n) Lege honen aplikazio-eremuan dauden administrazioen eskumeneko gainerako gaiak, lege maila edo indarra duten arauen arabera Administrazio aholku-emailearen parte-hartzea nahitaezkoa dutenean.

Batzordeak, kontsulta-eginkizunaz baliatzerakoan antzematen dituen arazoak kontuan hartuz, Administrazio aholku-eskatzaileari igorriko dizkio, on deritzonean, bidezkotzat jotako iradokizunak eta jarduera-proposamenak.

Administrazioaren jarduera Legearekin eta Zuzenbidearekin bat datorrela bermatzea da Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ardura. Eta, ildo horretan, bere irizpenera jarritako arau eta egintza proiektuak ordenamendu juridikoari egokitzen zaizkion ala ez begiratu beharko du.

Azken eguneratzea: 2011/11/02
Euskadi, auzolana