Aholku Batzorde Juridikoa

Aholku Batzorde Juridikoa

Euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Historia

 

II. ERREPUBLIKAN, Euskadiko Bitarteko Jaurlaritzaren lehendakariak ezarri zuen, 1936ko urriaren 8ko Dekretuaren bitartez (urte bereko urriaren 9ko 1 zenbakiko EHAA), Justizia eta Kulturako sailburuak aholku emateko Batzorde bat, bere burutzapean, antola zezala "Ausnarketa berezi bat eskatzen duten erabakiak ongi gertuak izan daitezen".
Agindu hori Zuzentza eta Gogo-Lantze Zaingoko burukidearen 1936ko urriaren 22ko Aginduaren bitartez bete egin zen (1936ko urriaren 23ko 15 zk.ko EHAA), eta bertan BATZORDE LEGE-ONU-EMALEA izenekoa hasiera batean osatzen zuten pertsonak izendatu ziren. Batzordea honela eratuta zegoen: Batzorde osoa, etengabe jardungo zuen Batzordetxoa, 1. Saila, "Politikari, Nekaltzeari, Banakaritzari eta Guda Epailetzari dagozkion arazoak" izenekoa, eta 2. Saila, "Erriari, Auzi egiketari, Laziñalduritzari eta Baikuntzari dagozkion arazoak" delakoetarako.

Geroago, apirilaren 13ko 187/1999 Dekretuak (1999ko apirilaren 16ko 71 zk.ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zerbitzu juridikoen barnean EUSKO JAURLARITZAREN AHOLKU BATZORDE JURIDIKOA sortu zuen. Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak irtenbide hori gauzatzeko bideak ireki zituen, izan ere, 30/1992 Legeari xedapen gehigarri bat erantsi baitzion, hamazazpigarrena hain zuzen. Bertan esaten denaren arabera, Autonomia Erkidegoetako Administrazio aktiboen zerbitzu juridikoek berenganatu dezakete aholku emate egitekoa eta horretarako baldintza hauek ezartzen dira, alegia, lan hori betetzerakoan, independentzia hierarkiko, organiko-funtzionala egongo dela eta kolegialitatea emango dela bermatu daitezela.

Dekretu horren helburua zen, beraz, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen antolaera egokitzea kontsulta eskumenak emankortasunez zerbitzu horiek berenganatu ditzaten. Halere, esposizio atalean honako hau aitortu egiten zen: "...kontsulta-egitekoa betetzeko ezinbestekoetara mugatzen da bere edukia eta alde batera uzten ditu halako gai eta arazo jakin batzuk, esperientziaren ondoriozko azterketa sakon bat egin ondoren tratatu behar direlako eta, noski, legearen ondorio gisa".

Une hartan, Batzordeak zuen egiteko bakarra ondorengo hauen jarduerei buruz aholku emailea izatea zen: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, honen erakunde autonomoak; Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoak eta Baltzu Publikoak eta aurrekoei loturiko edo horien menpeko nortasun juridikodun erakunde publikoak; eta Euskal herriko Unibertsitatea.

Bost urtearen zehar izandako funtzionamenduak emandako esperientzian oinarritutako hausnarketa prozesu baten ondoren, Eusko Legebiltzarrak EUSKADIKO AHOLKU BATZORDE JURIDIKOARI buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legea onartu zuen (2004ko abenduaren 15eko 238 zk.ko EHAA), eta honek kontsulta eginkizunaren antolaketa behin betiko ezarri zuen. 1999 urtean sortu zen kontsulta erakundearen ereduak emandako esperientziaren bermearekin, Legeak berretsi egiten du kontsulta erakunde honen egokitasuna; izan ere, ondo bateratu dira, batetik, bere kideak -zeinek aldaezintasuna, egonkortasuna eta iraunkortasuna eskaintzen dizkien estatutu pertsonala baitute- Administrazio aholku-eskatzailearen zerbitzu juridikoetan formalki atxikita egotea eta, bestetik, kontsultak egiteko eta irizpenak emateko prozedura zehatz eta formala erabiltzea.

Legeak kontsulta erakundearen jarduera eremua zabaldu egin du eta Toki Administrazioa osotzen duten organo eta erakundeak sartu egin ditu. Halaber, zehaztu egin ditu, argi eta garbi, bai kontsultarako xede izan behar diren gaiak baita bokalen estatutua ere. Modu berean, bere barne funtzionamenduaren zenbait alderdi ere aldatu du, batzordearen jarduteko ahalmena handitzeko eta bere jarduera bizkortzeko.

Azken eguneratzea: 2011/06/21
Euskadi, auzolana