Prozedura

Organo kontsulta-egileak egindako eskabidearekin hasiko da kontsulta-prozedura. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari bere jarduera-eremuan dauden administrazioetatik honako hauek egingo dizkiote kontsultak:

  1. Eusko Jaurlaritzako sailburuek.
  2. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak.
  3. Tokiko korporazioetako lehendakariek.
  4. Goian aipatutako erakundeen menpekoak edo horiei atxikitakoak izan eta berezko nortasun juridikoa duten gainerako entitate publikoen ordezkari den organoko titularrak.

Kontsultetarako baldintzak:

  1. Aholkua eskatzen duen agintaritzaren erabaki baten bidez egingo dira kontsultak, eta agintaritza-egintzek formaren aldetik izan ohi dituzten baldintzak bete behar ditu erabaki horrek.
  2. Kontsultarako erabili den lege-agindua adierazi behar da erabakian, eta, labur bada ere, hori aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak azaldu behar dira.
  3. Administrazio-espedientea osatzen duten agiri guztien kopia konpultsatua eta agirion zerrenda zenbakitua erantsi behar zaizkio kontsultari.

Araua onartu edo ebazpena edota erabakia hartu baino justu lehenago egingo dira kontsultak.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko lehendakaritzak ofizioz itzuliko ditu aurreko baldintzak betetzen ez dituzten kontsultak; baita Batzordeak eskumenik ez duen arazoen gainean egindako kontsultak ere.

Kontsulta onartuz gero, idazkariak hartu-agiria bidaliko dio organo kontsulta-egileari, irizpena emateko eta jakinarazteko epemuga adieraziaz. Batzordearen irizpenak emateko epea horren audientzia aurreikusten duen xedapenean adierazitakoa da, eta, adierazita ez badago, bi hilabetekoa.

Dena den, irizpena emateko epea amaitu aurreko edozein unetan, bere kabuz edo txostengileek proposaturik, Osoko Bilkurak edo sekzioak atzera bota dezake kontsulta, baldin eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak eskumenik ez duela ikusten badu edo organo kontsulta-egileak gaia oker sailkatu badu.

Kontsulta egiten duen agintaritzak erretiratu egin ditzake eskatutako kontsultak, irizpena onartu aurreko edozein unetan.

Azken aldaketako data: